2024ko Ingurumen Komunikazioko Eskolan ingurumen-erronken aurrean “herritarrak ekintzara eramateko” beharra azpimarratu da
2024/09/13

Mari Mar Alonso eta Mari Luz Gómez Ihobeko Klima Ekintzako zuzendariak eta Herritarren proiektuaren arduradunak, hurrenez hurren, LIFE IP Urban Klima 2050 esparruan martxan jarri diren zenbait jarduera azaldu dituzte, esaterako KLIMA Azoka.
Ihobek eta Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteak (APIA) antolatutako ikastaroaren seigarren edizioak, “guztion ezinbesteko laguntzarekin” trantsizio energetikoan eta klimatikoan aurrera egiteko premia izan du ardatz.
Alexander Botok, Ihobeko zuzendari nagusiak, Ingurumen Komunikazioko Eskola bezalako foroen garrantzia nabarmendu du aurkezpenean, “informazio zientifikoa politikariei eta herritarrei helarazteko, estrategia eraginkorrak zabaltzeko eta desinformazioari aurre egiteko”.
Aurten, elkarrizketa formatu berria izan du eskolak, eta Fernando Valladares (CSIC), Asuncion Ruiz Guijosa (SEO-Birdlife) eta Naiara Goia (Arantzazu Lab) adituek eta Adela Úcar, Rafal Ruiz Peña, Yayo Herrera eta Javier Peña komunikatzaileek hartu dute parte, besteak beste.
Ingurumen Komunikazioko Eskolak, aurten ere, komunikazioaren eta ingurumenaren arloko adituak bildu ditu. Foro hori 2019an sortu zen, eta ingurumen-erronka handien komunikazioaren inguruko hausnarketa-gune bihurtu da ordutik. Eskola Donostiako Miramar Jauregian egiten da, eta baita online formatuan, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Donostia Sustainability Forumeko Udako Ikastaroen barruan, eta Ihobek (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietatea) eta Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteak (APIA) antolatzen dute.
Seigarren edizioa irailaren 12an izan da, eta elkarrizketa formatua izan du. Bertan, hamar bat profesionalek “herritarrak ahalduntzearen” garrantzia azpimarratu dute, trantsizio energetikoan eta klimatikoan aurrera egiteko. Hizlarien artean, Mari Mar Alonso eta Mari Luz Gómez izan dira, Ihobeko Klima Ekintzako zuzendaria eta Herritarren arduraduna hurrenez hurren. Haiek Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bidez, herritarrek klima ekintzan parte hartzeko martxan jarri dituen politikak azaldu dituzte.
Euren parte-hartzeak ‘Erronka: Euskadiko herritarren batzarra eta klimaren aldeko itun soziala’ izenburua izan du, eta “administrazioak herritarrei tresnak emateko” martxan jarri dituen zenbait ekintza azaldu dituzte “herritarrak sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko helburuarekin hezteko”. Jarduera horien artean, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan egin den azterketa aipatu dute, herritarrek klima-aldaketaren aurrean dituzten profil psikologikoen diagnostikoa egiteko. Lau profil mota daude: apatikoa, parte-hartzailea, konprometitua eta ukatzailea. “Diagnostiko horretatik abiatuz, informazioa eta hezkuntza egokitu nahi ditugu, eraginkorragoak izateko”, azaldu du Alonsok.
Gainera, Urban Klima 2050 barne egin den esperientzietako bat ere aurkeztu dute, KLIMA Azoka azoka ibiltaria; familiei zuzenduta dago eta bere helburua parte-hartzearen bidez, herritarrek konpromisoa hartzea eta mugimendu baten parte sentitzea da.
Beste proiektu batzuk ere aurkeztu dituzte, hala nola Erronka Garbia, Hondakinen Prebentziorako Europako Astea, edo Asteklima, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea. Ekoetxea Saretik etengabe garatzen diren jarduerak ere aipatu dituzte. Jarduera horiek “berriro sentitu, ukitu eta erlazionatzeko sortzen dira, naturan esperientziak sortuz, pertsonek konpromisoa hartzen eta fidelizatzen laguntzeko”.
Azkenik, aurreko legealdiaren amaieran onartutako Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Euskadiko Legea aipatu dute. Gogoratu dutenez, lege horrek trantsizio justu baten beharra aipatzen du, eta trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren prozesuan herritarren gobernantza eta gaitasunaren aldeko apustua egiten du.
Elkarrizketa inspiratzaileak, batera sortzeko tailerra eta bisita itsasontziz
Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusia izan da irekieraren buru, eta bere hitzaldian Ingurumen Komunikazioko Eskola dagoeneko “krisi klimatikoaren eta ingurumen-erronken aurrean herritarrak ahalduntzen dituen elkarlan arrakastatsua dela” azpimarratu du. Horrez gain, komunikazioaren garrantzia gogorarazi du, “zientziak eskaintzen dituen datuak helarazteko, estrategia eraginkorrekin eta desinformazioaz ohartaraziz, haiek politikariak eta herritarrak bideratu behar gaituztelako”. Alboan izan ditu María García de la Fuente APIAko presidentea eta Yolanda Rodríguez Couso Ihobeko komunikazio estrategikoaren arduraduna.
‘Herritarrak ahalduntzeko elkarrizketak’ izenburupean, hainbat mahai-inguruk gai hauek jorratu dituzte, besteak beste: krisi klimatikoa, bioaniztasunaren galera, ingurune naturalaren kontserbazioa, ekonomia zirkularraren ezarpena eta garapen jasangarria.
Lehen elkarrizketak, ‘Garaiz gabiltza’ izenekoak, baikor begiratu dio egungo egoerari. Adela Úcar kazetariak moderatu du hitzaldia, eta Javier Peña zientzia-dibulgatzaileak larrialdi klimatikoa komunikatzeko funtsezko giltzak eman ditu. Hala erakusten du ere Hope! sare sozialetako komunikazio-proiektuan, zeinak 2 milioi eta erdi jarraitzaile baititu. Fernando Valladaresek ere, CSICeko zientzialaria eta unibertsitateko irakaslea, zientziatik herritarrengana iristeko zenbait gako eskaini du.
Hurrengo mahai-inguruan komunikazioa izan da ardatza, klima-aldaketaren aurrean herritarren ekintza bultzatzeko ezinbesteko tresna gisa. Elkarrizketa Rafael Ruiz Peñak bideratu du, ingurumen-gaiei buruz idazten duen kazetari eta El Asombrario aldizkariaren koordinatzaile. Parte-hartzaileak Yayo Herrero (dibulgazioan lan handia egin duen aholkulari, ikertzaile eta irakaslea) eta Asunción Ruiz Guijosa (SEO/BirdLife erakundeko zuzendari exekutiboa) izan dira.
Goizeko saioa amaitzeko, Naiara Goia Imazek, Arantzazulab Berrikuntza Sozialeko Laborategiko zuzendari nagusiak, ‘Demokrazia indartzeko eta herritarrak ahalduntzeko berrikuntza aukerei’ buruz hitz egin du, eta “teknologiaren eta irudimen eta sormen gehiagoren aldeko apustua” egin du.
Arratsaldean, Cristina Enea Fundazioari esker, bertaratutakoek Santa Klara uharteko eta Hondaleako ingurune natural eta artistikoa bisitatu dute itsasontziz. Bestalde, eskolan telematikoki egon direnek Klimaren murala elkarrekin sortzeko tailer batean parte hartu dute, Adesio aholkularitza-enpresako Stéphane Kosinskiren laguntzaz.
Saioen osagarri gisa, Miramar Jauregian UPV/EHUren Udako Ikastaroetara joaten diren pertsona guztiek ‘Klima-aldaketak ez du graziarik’ erakusketa ikusteko aukera dute. Ballena Blanca izeneko ingurumen-aldizkariak sortu du erakusketa, eta bertan, mundu osoko marrazkilariek osasunean, ingurumenean, ekonomian eta nekazaritzan ondorioak dituen arazo larri horren ikuspegi berezia erakusten dute.