2023ko Euskadiko Ingurumen Profilak klima-aldaketak eta hiri-berdeguneen presentziak herritarren osasunean dituzten ondorioak aztertzen ditu

2024/07/01

Ihobek orain dela gutxi argitaratutako txostenak osasunarekin lotutako ingurumen-determinatzaile nagusiak monitorizatzen ditu: airearen kalitatea, produktu kimikoak, klima-aldaketa, ingurumen-zarata, hiri-berdeguneak, uraren kalitatea eta lurzoru kutsatuak.

Ihobek orain dela gutxi prestatu duen 2023ko Euskadiko Ingurumen Profilak klima-aldaketak euskal herritarren osasunean dituen efektuei buruzko datuak aurkezten ditu. 18 adierazle biltzen dituen aginte-taula batean oinarrituta, osasunean eragin handiena duten 7 ingurumen-determinatzaileak aztertzen ditu. Horien artean, klima-aldaketa eta hiri-berdegunean nabarmentzen dira bereziki.

Klima-aldaketa

Muturreko fenomeno meteorologikoen hazkundea

Euskadiko osasun eta ingurumenaren profilaren emaitza nagusiek berresten dutenez, klima-aldaketarekin lotutako muturreko fenomeno meteorologikoak, hala nola bero-boladak, modu esanguratsuan hazi dira Euskadin 1971az geroztik. Zehazki, haien kopurua 0,4ko erritmoan hazi da hamarkada bakoitzean, eta, hala, 2022an 4,8 bero-bolada erregistratu ziren, hots, batezbesteko historikoa baino ia bi aldiz gehiago. Haien iraupenari dagokionez, aztertutako urteen serieak aldaketa esanguratsurik erakusten ez badu ere, Euskadi osoan 2022an gertatu zen bero-bolada luzeena 8,9 egunekoa izan zen, hots, hirugarren balio altuena gutxienez 1971az geroztik. Gainera, gau tropikalek –honela definituta: gutxieneko tenperatura gau osoan 20ºC-tik jaisten ez denean- igotzeko joera esanguratsua izan dute, hau da, 0,2 gau/hamarkada, batez ere Bilbo eta Donostiako metropoli-eremuetan. Kontrako aldean, 2022an, Euskadik 20,6 eguneko hotz-boladak izan zituen, hots, 1971az geroztik erregistratutako laugarren balio altuena.

Herritarren osasunaren gaineko inpaktua

Klima-aldaketa horiek zuzeneko inpaktua dute herritarren osasunean. 2022an, Euskadin 171 heriotza egotzi zitzaizkien tenperaturaren muturreko aldaketei; Europa mailan, muturreko fenomeno meteorologiko hilgarriena bero-boladak izan ziren.

Halaber, klima-aldaketak badu lotura gaixotasun kardiobasukularren, arnasketakoen eta neurologikoen igoerarekin, aurretik zeuden baldintzak larriagotuz eta aire zein uraren kalitatea murriztuz. Horrez gain, hotz-boladek ere hipotermia- eta izozte-koadroak eragin ditzakete, erantzun immunitarioa ahuldu dezakete eta gaixotasun kronikoak larriagotu.

Espezie inbaditzaileen mehatxua

Tenperatura globalaren igoerak, klima-aldaketatik eratorritako beste faktore batzuekin batera, badu eragina iraganean klima beroago edo tropikaletan soilik gertatzen ziren gaixotasun ugariren hedakuntzan edo espezie inbaditzaileek eragindako gaixotasunak transmititzen dituzten bektoreen inpaktuan. Aedes spp. generoko eltxoek eta akainek, adibidez, arriskua sortzen dute osasun publikorako gaixotasunen bektoreak direlako; hala, Euskadin eltxoen 21 espezie eta akainen 19 espezie identifikatu dira, eta horien bektoreen jarduna areagotu egin da tenperaturen igoeragatik.

Premiazko neurrien beharra

Txostenak azpimarratzen duenez, klima-aldaketak osasunean dituen inpaktuak moteltzeko, funtsezkoa da egokitze- eta arintze-neurriak inplementatzea, klima-aldaketa osasun publikoan dituen zuzeneko eta zeharkako ondorioei heltzeko. Alde horretatik, beharrezkoa da hiri-eremuetako ingurumen-estandarrak hobetzea, gaixotasunen karga murrizteko eta airearen kalitatearen helburuak betetzeko. Gainera, bero- eta hotz-boladei lotutako arriskua kudeatzeko estrategiak garatu behar dira, eta baita espezie inbaditzaileen ugalketa kontrolatzeko ere. Orobat, garrantzitsua da aurrera egiten jarraitzea osasun publikoa hobetzen duten ingurumen-politiketan eta ingurumen-determinatzaileek Euskadin sortzen duten hilkortasun- eta morbilitate-kargak zehaztera zuzendutako azterlan espezifikoetan.

Hiri-berdeguneak

Hiri-berdeguneetarako sarbidea

Txostenak azpimarratzen duenez, Euskadi oso gizarte hiritarra da, eta adierazten du hiriak funtseko inguruneak direla jasangarritasun eta gizarte-ongizatearen bultzadarako. Hirigune handi horiek, haatik, ibilgailuen kontzentrazio handiagoak izaten dituzte, eta horrek airearen kalitate txarra eta ingurumen-zarata handiagoa sortzen ditu; horri gehitzen bazaizkio bero-uhartearen efektua eta zuhaitz-eremu eta berdeguneen proportzio txikiagoa, emaitzak txarragoak dira, eta, hortaz, hiriak lehentasunezko lan-eremu bihurtzen dira ingurune osasungarrien sorrerarako. Alde horretatik, txostenak jasotzen dituen gomendioen artean, berdeguneen garrantzia nabarmentzen da, eta hori bereziki garrantzitsua da gizarte-posizio txarragoan dauden kolektiboentzat, haurrentzat eta adineko pertsonentzat. Gaur egun, euskal herritarren % 94k gutxienez 1.000 m2-ko hiri-berdeguneak ditu bere etxebizitzatik 300 metrora baino gutxiagora, eta, orokorrean, udalerri gehienek 10-15 m2-ko berdeguneak dituzte biztanle bakoitzeko (gutxieneko balioa eta OMEk gomendatutakoa, hurrenez hurren), baina badira tamaina ertain eta handiko udalerri batzuk, hala nola Bilbo (8,1 m2/biz.), oraindik ere hobera egin behar dutenak.

Berdeguneen onurak

Kalitate handiko ingurune naturaletan denbora pasatzeak osasun ona eta ongizatea sustatzen ditu. Are gehiago, Europako Ingurumen Agentziaren arabera, berdeguneekiko esposizioaren % 10eko igoera bakoitzeko, gaixotasunak murriztu egiten dira bizi-itxaropenaren bost urteko luzapena bezainbeste. Emaitza espezifikoen ikuspuntutik, ingurune naturalekiko esposizioa honako aldaketa hauekin lotzen da: osasun mentalaren eta funtzio kognitiboaren hobekuntza, morbilitate kardiobaskularraren jaitsiera, 2. motako diabetesaren prebalentziaren murrizketa, haurdunaldiaren emaitza txarren murrizketa, eta gaixotasun kardiobaskularrek eta kausa guztiek eragindako gaixotasunen murrizketa.

Gainera, azpimarratu behar da berdeguneen onurak ez direla herritarren osasunean soilik kontzentratzen, zeren beste onura ugari ere ekartzen baitituzte, osasunean ere eragina duten beste ingurumen-faktore batzuk hobetzean. Espazio horiek lagungarriak izan daitezke klima-aldaketaren inpaktuei heltzeko, hala nola hirietako bero-uhartea eta uholdeak. Halaber, hiri-berdeguneek hirietako tenperaturak egonkortu ditzakete eta eraikinetako berokuntza eta hozkuntzarako energia-betekizunak murriztu, eta horrela berotegi-efektuko gasen isurketak murriztu ere egiten dira.

2023KO EUSKADIKO INGURUMEN PROFILERAKO SARBIDEA. OSASUNA ETA INGURUMENA