Urban Klima 2050 lankidetza-proiektuen adibidea izan da Adaptation Futures 2023 munduko klima-aldaketara egokitzeko konferentziarik garrantzitsuenean

2023/10/13

Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak Montrealen (Kanada) urriaren 2tik 6ra egindako biltzarrean parte hartu du. Bertan, klima-aldaketan eta egokitzapenean adituak diren 1.500 lagun baino gehiago bildu dira.

Euskadi ‘Adaptation futures 2023’ Mundu Konferentziaren 7. edizioan parte hartu duen eskualdeetako bat izan da. Konferentzia urriaren 2tik 6ra Montrealen (Kanada) antolatu dute Think tank Ouranosek, Kanadako Gobernuak eta NBEren Egokitzapenerako Munduko Programa Zientifikoak (WASP).

Mundu osoko 1.500 aditu baino gehiagoren aurrean, Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak klima-aldaketaren eraginei aurre egiteko EAEko udalerrietan martxan jarri diren 60 proiektu baino gehiagoren plangintza- eta finantzaketa-tresnak aurkeztu ditu.

Proiektu horien artean, Uriartek LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren lankidetza izaera nabarmendu du; izan ere, kideak 20 erakunde dira, horien artean hiru foru-aldundiak, zazpi udal, Eusko Jaurlaritzako eta udaletako zenbait sozietate publiko eta teknologia- eta ikerketa-zentroak.

Uriartek naturan oinarritutako konponbideen errendimendua neurtzeari buruzko saioan parte hartu du, eta Urban Klima 2050ek alor horretan garatzen dituen ekintzetako batzuk azaldu ditu. Zehazki, Bizkaiko Bakio udalerrian egingo den ekintza aipatu du, non Estepona ibaia garbitu eta birnaturalizatuko den, hiri padura eta urak har ditzakeen ibai parkea sortzeko. Lan hauek C.5.1: Naturan oinarritutako irtenbideak ibai-arroetan ekintzaren barruan kokatzen dira.

Era berean, Uriartek beste proiektu batzuk ere aurkeztu ditu, besteak beste, Oñatiko ikastetxe oso baten birgaitzea, zenbait soluzio natural gehitu baitira; Errenterian 23.500 m2ko ibai-ingurua birnaturalizatzea; edo erresistentzia klimatikoa handitzeko Txingudiko badiako padurak leheneratzea.

Gainera, komunitate ahulenen ezagutza egokitzapenerako ekintzen plangintzan eta diseinuan txertatzeko saioan, Regions4 Garapen jasangarriaren aldeko eskualdeetako gobernu sareak antolatuta, Ihobe sozietate publikoaren nazioarteko harremanen teknikari Dafne Mazok klima-aldaketari eta generoari buruzko txostena aurkeztu du. Txosten hori erakunde horrek eta Emakundek argitaratu berri dute eta bertan, ekintza klimatikoaren kausak, ondorioak, lidergoa eta parte hartzea aztertzen dira generoaren ikuspegitik.