NEIKERren azterlan batek 21 eltxo-espezie identifikatu ditu Euskadin, eta urbanizazioari lotutako osasun publikoko arriskuak nabarmendu ditu

2024/06/03

Ikerlana LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan egin da, eta eltxoek gaixotasunen transmisioan duten garrantzia eta arrisku horiek murrizteko kudeaketa-estrategia jasangarriak garatzeko beharra nabarmendu ditu.

NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak egindako azterlan batek 21 eltxo-espezie identifikatu ditu EAEko hiri-berdeguneetan, eta intsektu horiek osasun publikorako eta oreka ekologikorako duten garrantzia azpimarratu du. Ikerlanaren izenburua ‘Mosquitoes in urban green spaces and cemeteries in northern Spain’ da, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan egin da; zehazki, C.3.1. Klima-aldaketaren integrazioa osasun-politiketan ekintzaren barruan.

NEIKER erakundearen Animalia Osasuneko Sailaren azterlanaren arabera, Europan urbanizazioak gora egin ahala, hiri-berdeguneak eta hilerriak funtsezko habitat bihurtu dira hainbat eltxo-espezierentzat. Leku horiek intsektu horien ugalketa errazteaz gain, gaixotasunak transmititzeko arriskua areagotzen dute.

Ikerlana 2019. eta 2020. urteetan egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, eta eltxoen espezieen osaera, ugaritasuna, larba-habitatak eta ostatatze-lehentasunak aztertu ditu. Tranpak jarriz eta larbak bilduz, azterketak 21 eltxo-espezie identifikatu ditu guztira, eta Culex pipiens s.l. da ugariena eta zabalduena. Gainera, espezie horren barruan, hiru ekoforma bereiz daitezke, eta Cx. pipiens pipiens da ohikoena bi eremu motetan.

Lortutako emaitzek adierazi dute, halaber, espezieen aberastasuna handiagoa dela Gasteizen, ondoren Donostian eta azkenik Bilbon. Eltxoen ugaritasuna nabarmen handiagoa da berdeguneetan hilerrietan baino, eta Donostian eta Bilbon, Gasteizen baino.

Bestalde, azterlanak dioenez, larbak hazteko lekuetan Cx. pipiens s.l. da nagusi, batez ere urmael erdiartifizialetan, ur-edukiontzietan eta berdeguneetako drainatze-sistemetan. Hilerrietan, larba gehienak loreontzietan eta errauts-kutxatiletan aurkitu ziren. Bestalde, urtaroaren arabera, gorabeherak ikusten dira hirietako eltxoen ugaritasunean, eta gora egiten du nabarmen uztailean edo abuztuan. Gainera, odol-arrastoak zituzten aleen analisiak agerian utzi du Cx. pipiens s.l. eltxoa hiri-hegaztien hainbat espezie arruntez elikatzen dela.

Inplikazioak eta gomendioak

Azterlanak eltxoek gaixotasunen transmisioan duten garrantzia eta arrisku horiek murrizteko kudeaketa-estrategia jasangarriak garatzeko beharra nabarmendu ditu. Gomendioen artean, honako hauek daude:

Azkenik, Neiker erakundeak azaldu duenez, "klima-aldaketa hor dagoela kontuan hartuta (gero eta ugariagoak eta handiagoak diren bero-boladek erakusten dutenez), erne egon behar dugu datozen urteetan gerta daitezkeen aldaketen aurrean".