Klima-aldaketaren aurrean maila anitzeko gobernantzan izandako euskal esperientzia partekatu du Ihobek Rotterdamen

2025/7/4

Iñigo Urrutikoetxea Alvarez Ihobeko ekintza klimatikoko teknikariak European Urban Resilience Forumean parte hartu zuen. Bertan azaldu zuen Regions4Climate proiektu europarrean, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan, Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarean eta beste esperientzia batzuetan parte hartu zuela Euskadik. 

Iñigo Urrutikoetxea Alvarez Ihobeko ekintza klimatikoko teknikariak European Urban Resilience Forumean parte hartu zuen joan den ekainaren 26an, Rotterdamen (Herbehereak). Bertan, Euskadik klima-aldaketara egokitzeko maila anitzeko gobernantzan duen esperientzia aurkeztu zuen. "Climate adaptation from Buildings to Regions: governance and solutions across scales and sectors" panelean parte hartu zuen, ekintza klimatikoa hainbat eskala administratibo eta sektorialetatik koordinatzeko erronka eta aukeretan oinarrituta. 

Foroa ICLEIk eta Europako Ingurumen Agentziak (EEA) antolatu zuten, eta tokiko, eskualdeko eta nazioko gobernuetako ordezkariak bildu ziren, bai eta nazioarteko profesional eta erakundeak ere, hiri-erresilientziaren arloko jardunbide egokiak trukatzeko. 

Panelean, Urrutikoetxeak Mirjam Wolfrum (CDP Europe), Miguel Diaz-Cacho Dafonte (SERGAS – Servizo Galego de Saúde) eta Sophie Arens (Dortmundeko Udala) izan zituen solaskide. Wolfrumek klima-gobernantzaren erronkei buruzko sarrera bat egin zuen, arduradun politikoei laguntzen izandako esperientziatik abiatuta. Díaz-Cachok ospitale-azpiegituretako klima-aldaketara egokitu izana azaldu zuen; eta Sophie Arensek hiria egokitzeko estrategiak aurkeztu zituen. 

Eskualde mailan, Euskadik ekintza klimatikoa bultzatzeko dituen gobernantza-tresnak eta -mekanismoak azaldu zituen Iñigo Urrutikoetxeak, hala nola Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Euskal Bulegoa, Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Batzorde Zientifikoa edo Herritarren Batzarra, guztiak ere onartu berri den Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legean jasotakoak. Era berean, Udalsarea 2030 Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea aipatu zuen, udalerriekiko lankidetza artikulatzen duen eta, besteak beste, klima-aldaketaren, hondakinen, ekonomia zirkularraren edo erosketa publiko berdearen arloko tresna eta metodologia nagusiak haien artean zabaltzen dituen tresna gisa.  

Era berean, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua nabarmendu zuen, erakundeen, ezagutza-eragileen eta herritarren arteko lankidetzan oinarritutako egokitzapen-eredu kolaboratiboen aplikazioan izandako arrakastaren adibide gisa. Gainera, klima-aldaketaren arloan herritarrak ahalduntzeko LIFE proiektuaren esparruan garatu berri diren planak aipatu zituen, herritarrek eskualde- eta udal-mailan ezarritako helburuak betetzen laguntzea ahalbidetzen dutenak.  

Txingudi, kasu pilotua euskal itsasertza egokitzeko gobernantzan 

Bere hitzaldian, Txingudiko badiako padurak berreskuratzea nabarmendu zuen Urrutikoetxeak, Eusko Jaurlaritzak lurraldea klima-aldaketara egokitzeko naturan oinarritutako irtenbideen alde egindako apustuaren adibide zehatz gisa. Jarduera Regions4Climate Europako proiektuaren barruan sartzen da. Proiektu horretan, Euskadik Europako beste eskualde batzuekin batera parte hartzen du. Euskal itsasertzeko Frantziako mugan dagoen eremu horretan, bereziki beharrezkoa da maila anitzeko gobernantza, eskumenak dituzten eragile asko baitaude. Konplexutasun horren ondorioz, lantalde tekniko-politiko bat sortu da erabakiak hartzeko. 

Bilera interaktiboa izan zen, eta publikoarekin trukea egitea ahalbidetu zuen, klima-aldaketaren ondorioei ikuspegi integratzailetik eta lurralde-ikuspegitik aurre egiteko gobernantza-esparruak hobetzeko moduari buruz.