Euskadik klima-aldaketari aurre egiteko jarduerak sustatzen eta Zarauzko hondartza egokitzeko lanak bultzatzen dihardu

2024/12/12

Mikel Jauregi sailburuak, Xabier Txurruka alkatearekin batera, Narros-Munoa ingurua bisitatu du. Bertan, ingurune naturala eta hiri-azpiegiturak babesteko esku-hartzeak egingo dira.

Zarauzko hondartzak, 2.100 metroko luzera duen euskal kostaldeko hondartzarik zabalenak, erronka handi bati egin beharko dio aurre, itsas mailaren igoeraren ondorioz; bertan ez jarduteak, 2050erako, azaleraren % 30 (21.000 m2 inguru) galtzea ekarriko luke.

Olatuen eragina murrizteko, sarbideak hobetzeko eta itsas pasealekua babesteko aurreikusitako jarduerek 1,5 M €-ko aurrekontua izango dute, eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa. Ekintza horiek LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan kokatzen dira, Euskadiko proiekturik handiena ekintza klimatikoari dagokionez.

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuak Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin batera bisitatu du gaur goizean jarduerak aurreikusita dauden eremua, hiri-kostaldea itsas mailaren igoerara eta klima-aldaketaren ondoriozko olatuen arriskura egokitzeko. Esku hartzea {0>La intervención se enmarca en el proyecto LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan kokatzen da. Euskadiko proiekturik handiena da hau ekintza klimatikoari dagokionez, Europar Batasunak babestua eta Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak koordinatua, hogei erakunde baino gehiagorekin lankidetzan.

Bisitan, Jauregik nabarmendu duenez, esku-hartze horiek oso garrantzitsuak dira, “itsas mailaren igoeraren ondorioak minimizatzeko, olatuen intentsitate handiagoarekin batera gero eta eragin handiagoa baitute eremu horretan”. Jauregik ohartarazi duenez, “2050erako, komunitate zientifikoak itsas mailaren 26 cm-ko igoera aurreikusten du, eta 2100erako igoera 51 cm-tik 1m-ra bitartekoa izango da Euskadin”, eta gogorarazi duenez, “euskal biztanleriaren % 60 inguru Zarautz bezalako kostaldeko eremuetan bizi da, eta 10 pertsonatik 6 erasan ditzakete itsasertzeko inpaktuek”.

Sailburuaren arabera, “ekintzarako garaia da” eta saihestu egin behar dugu milioi askoko galerei aurre egin behar izatea, gero eta ohikoagoak eta muturrekoagoak izango diren kostaldeko denboraleen inpaktuagatik. Gainera, sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ekintza klimatikoaren alde duen konpromisoa, 2024ko otsailean onartutako Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legearen bidez. “Gure kostaldean aurreikusitakoak bezalako arintze- eta egokitze-ekintzak ezinbestekoak dira gure lurraldea erresilienteagoa izan dadin”, adierazi duenez.

Bestalde, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak azpimarratu duenez, “premiazkoa da Zarauzko kostaldea babesten lagunduko duten honelako neurriak martxan jartzea urte osoan zehar hainbeste jarduera duen gune bizi honetan”. Bertan izan dira Josu Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordea eta Adolfo Uriarte, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria; eta baita Alexander Boto, Ihobeko zuzendari nagusia eta Mari Mar Alonso, Klima Ekintzako zuzendaria ere.

Narros-Munoan aurreikusitako jarduketak 

Zarauzko hondartzak, 2.100 metroko luzera duen euskal kostaldeko hondartzarik zabalenak, erronka handiak ditu, itsas maila eta olatuen intentsitatea handitu izanagatik. Gero eta ohikoagoak dira muturreko gertaerak, besteak beste 2014ko denboralea, malekoian kalte larriak eragin zituena. 

Euskal itsasertzeko kalteberatasuna eta arriskua aztertzeko Kostaegoki proiektuak jasotako datuen arabera, eremu horretan ez jarduteak, termino absolutuetan, Zarauzko hondartzak 21.000 m2 inguru galtzea ekarriko luke 2050ean, eta 40.000 eta 57.000 m2 artean 2100era arte.

Termino erlatiboetan, kaltetutako lehen 10 hondartzen artean egongo litzateke, eta 2050erako azaleraren % 30 gal lezake, eta % 65 eta % 90 artean 2100ean. Aldi berean, aurreikusitako klima-egoeren arabera, 2050ean bizitegi-lurzoruko 4 hektarea kaltetu daitezke, eta eragin-azalera hori handitu egingo litzateke 2100. urtean, 5-7 hektareara iritsi arte, hau da, bizitegi-azalera osoaren % 2, % 3 eta % 4, hurrenez hurren. Klima-aldaketaren ondorioz hareatzak izan duen bilakaerak inpaktu ekonomiko potentzialak izan ditzake, aisiarako erabilera faltagatik, baina, garrantzitsuena, atzera-egiteak kostaldeko zerrenda horretako egiturak eta eraikinak babesik gabe uztea ekarri du. Hondartza okupatzen duten azpiegiturak kentzeak aukera emango du hondarra modu naturalagoan banatzeko esku hartutako eremuetan, eta, horrela, hondartzako lehen lerroan eraikitako elementuak gehiago babestea lortuko da.

Egoera horri erantzuteko, Ihobek, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren bidez eta jarduera-alternatiben azterketa zehatza egin ondoren, inpaktu horiek arintzeko eta natura-ingurunea eta hiri-azpiegiturak babesteko funtsezko ekintzak zehazten dituen proiektu bat egin du.

Zarauzko Udalak lanak lizitatzera aterako ditu 1,5 milioi euroko zenbateko ekonomikoarekin eta 12 hilabete inguruko exekuzio epearekin. Neurri horien aplikazioa Narros-Munoaren aurrealdean hasiko da, hain zuzen ere ostalaritzako eta jarduera ekonomikoetako hainbat lokal kokatzen diren gunerik problematikoenean. Lehenengo fasean, mendebaldeko hondartzarako sarbideak birmoldatzea planteatzen da, Munoa plazatik jaitsi eta hondartza lehorrean sartzen diren eskailerak eraitsiz, baita itsas pasealekuaren gaineko hegala ere. Bestetik, itsas pasealekua altxatuko da, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eta uholdeak eta egiturazko kalteak saihesteko.

Lehendik dauden eskailerak eta hegalkina eraisteaz gain, jardueretako bat izango da hondartzarako lehen sarbidea (eskailerak eta arrapala) kentzea. Itsas pasealekuaren barruan beste sarbide bat egingo da arrapalan, eta pasealekuaren kota 0,50 metro igoko da, 158 metrotan zehar. Gainera, pasealekua olatuetatik babestuko da botaola-horma baten bidez. Birmoldaketa horren helburua da kostaldeko erresilientzia eta herritarren segurtasuna hobetzea klima-aldaketaren ondorioen aurrean.

Proiektua erakunde arteko koordinazio mahai baten laguntzarekin diseinatu da. Mahai horretan Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zarauzko Udalak, Ihobek eta beste erakunde batzuek parte hartu dute, tartean AZTIk eta Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak. Klima-gobernantzaren adibide ona da, beste leku batzuetara eraman ahal dena, egokitzapen-jarduerak egitea xede izango dutenak.

LIFE IP Urban Klima 2050

Zarauzko hiri-kostaldeko jarduerak Europako Batzordeak Life IP Urban Klima 2050 proiektua zabaldu izanari esker egingo dira. Proiektu horren iraupena beste urtebetez luzatuko da, 2026. urtearen amaierara arte, ekintza berri horiei ekiteko eta lurralde erresilienteagoa lortzeko. Orain arte, Ihobek koordinatutako proiektuak 13.879.000 euro inbertitu ditu, hasieran aurreikusitako guztizko zenbatekoaren % 70, klimara egokitzeko proiektuan jasotako 40 jardueretarako. 

Une honetan, proiektuan aurreikusitako ekintzen % 80 garapen-fase betean daude, kronograman jasotakoaren arabera, eta aurreikusitako ekintzen % 10 amaitu dira, besteak beste, hauek: Bermeoko Tonpoi kostaldeko eremua lehengoratzea; Ondarroako portuko babes-dikea indartzeko neurri zuzentzaileak diseinatzea, eta EAEko portuetatik gertu dauden hiri-inguruneak ahalik eta gehien babesteko ekintzak proposatzea.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasunaren Sailak gidatzen du Urban Klima 2050, Ihobe sozietate publikoaren bidez. Sozietate horrek 24 erakunde bazkiderekin batera lan egiten du, eta horien artean daude Eusko Jaurlaritzako beste bi arlo (Osasun Saila eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), hiru foru-aldundiak, Bilboko, Gasteizko, Donostiako, Bakioko, Bermeoko, Gernika-Lumoko eta Zarauzko udalak, Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoak (EEE, BEC Solar, Euskalmet, CADEM eta URA), teknologia- eta ikerketa-zentroak (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun), Naturklima fundazioa, eta Ingurumen Azterlanetarako Zentroa-CEA, Gasteizen. 

Informazio gehiago

Ihobe - Kostaegoki I. Zaurgarritasunaren eta arriskuaren analisia

Ihobe - URBAN KLIMA 2050. 2024ko aurrerapenei buruzko txostena