Arabako Foru Aldundiak Zadorra ibai arroko lau hektarea baino gehiago lehengoratu ditu, erresilientzia klimatikoa indartzeko

2025/12/19

Ekintza Landa inguruan egin da LIFE Urban Klima 2050 proiektu barruan; karbono hustubide berri bat izango da eta lurraldearen ekosistemak lotzen lagunduko du. 

Arabako Foru Aldundiak Zadorra ibai arroko ekosistemak lehengoratzeko ekintza handia egin du, zehazki Landa inguruan, Europako LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren barnean. Bertako espezietako 7.912 zuhaitz landatuz, 4,08 hektareako azalera leheneratu da. 

Lanek hainbat fase izan dituzte: sasiak kentzea, atzerako hondeamakinen bidez zuloak egitea, eta haritzak, lizarrak eta astigarrak bezalako espezieak eskuz landatzea, inguruneko baldintza ekologikoetara egokituta baitaude. Baso-masa berria behar bezala garatuko dela bermatzeko, ale bakoitza karraskarien aurka babestu da, akazia zurezko tutoreak jarri dira, eta jutezko mantak ere jarri dira beste belarren hazkundea kontrolatzeko. 

Amaitzeko, txarrantxa itxitura jarri da inguruan, lehengoratutako eremua babesteko eta epe ertain eta luzera finkatzen laguntzeko. Leheneratze horrek karbono hustubide berri bat sortzen, lurzoruen egonkortasuna hobetzen eta Zadorraren arroaren ekosistemak lotzen lagunduko du.